jueves, 19 de abril de 2012

Hizkuntzen sare bitxian

Bizitza aurrera doa Edinburgh-en, egun txarrak izan ditut, bueltarekin amesten, baina pixkanaka lasaitu naiz. Lagun askorekin hitz egiteko aukera eduki dut egun hauetan, aspaldi beraiekin hitz egin gabeko lagunekin. Asko eskertzen da hor dituzula jakitea. Pixkanaka gauza berriak egiten ari naiz, tokiak ezagutzen eta laister tandem egiteko aukera izango dut. Bihar mutil eskoziar batekin geratu naiz, berak gaztelera eta nik ingelesa hobetzeko xedearekin.

Egun hauetan lagun bat etorri da ni bisitatzera eta alde zaharreko derrigorrezko buelta egin ostean (gaztelua, Royal Mile, katedrala...) beste toki batzuk erakutsi nizkion. Arthur Seat mendira igo ginen eta bertan euskaldunen kontzentrazioa zegoela zirudien. Hirian gaztelera asko entzuten dut normalean, Hego Amerikako eta Espainiako jende asko dagoelako, baina euskara oraindik ez nuen entzun. Hara non, mendira igo eta gipuzkoar bi talderekin topatu ginen, ez dut uste hemen bizi zirela, baina guri ilusio apur bat egin zigun haiekin topatzea.

Gaur hizkuntzen inguruko bitxikeri bat plazaratu nahi dut txoko honetan. Aurrekoan festa batean egon nintzen eta festako ia gehienak gaztelera eta italiera hiztunak ginen, baina ingelesa zen hizkuntza nagusia. Batzuetan italiarren artean italiera entzuten zen, baina gaztelera hiztunen artean ingelesa izaten zen hizkuntza nagusia, beste norbait hizketaldira gehitu nahi bazen, hori izan zen neska katalandar baten eta nire arteko egoera. Bestalde, italiar batekin ingelesez hitz egiten hasi nintzen eta tipoak esan zidan ez zela ondo moldatzen ingelesez. Batez ere portugesa ikasi duela azken urteetan, Brasilen eta Portugalen egon da ikasten duela gutxi arte eta. Portugesa eta italiera jakinez gaztelera ondo ulertzen du eta hitz egin ere. Azkenean, biak gazteleraz hitz egiten hasi ginen errazagoa egiten zitzaiolako eta horrek pentsarazi egin zidan, italiar eta gaztelera hiztunen arteko komunikazioa gure hizkuntzen bitartez bideratu daitekeela hala egin nahi bada. Argi dago festa horretan geunden gehienak bertan egoteko arrazoi bat ingelesa ikastera etorri garelako da, baina bitxia egiten zait beraiekin elkartzen naizenean ingelesez hitz egitea. Batez ere, askotan italiarren artean italieraz hitz egiten dutenean zer esaten duten ulertzen dudanean eta ni entzuten ari naizela konturatzen badira ingelesera pasatzen direnean. Ingelesa beste hizkuntzen arteko zubi hizkuntzan bihurtu da, baina askotan ez gara konturatzen interes pixka bat jarriz bestearen hizkuntza ulertzeko aukera dagoela, batez ere latinetik datozen hizkuntzen artean.

Gaurkoz besterik ez, hemen jarraituko dut eguneroko borrokan. Lan bila eta hiri hontan nire txokoa egiten saiatuz.  

lunes, 9 de abril de 2012

Ziurgabetasuna...

Egun hauetan sentimendu kontrajarriak sentitu ditut. Clara bere etxera itzuli da Pazko astea dela eta, beraz nahiko bakarrik geratu naiz hiri honetan. Baina egia esan aurrera jarraitzeko arrazoi bat izan dut. Larunbatean, ostiraleko festaren aje apur batekin nengoela, dei bat jaso nuen telefonoan. Kafetegi bateko nagusia zen eta proba bat egitea nahi nuen. 50 minutu nituen bertara iristeko, telefonoa eskegi eta armairutik hartu nuen lehen arropak jantzi eta haruntz ia hegan joan nintzen.

Kafetegi honetan ezagun bat lan egiten du, berak esan zidan bertara nire "CV"a eramatea, uste zuelako norbait behar zutela. Bertara iristean ahal nuen guztian lagundu nuen. Bertan zegoen neskak gutxi gora behera guztia nola egin behar zen azaldu zidan eta bi ordu t'erdi lan egin eta gero nagusiak esan zidan hurrengo egunean deituko zidala.

Itxura ona du kontakizunak, baina oraindik nagusiaren deiaren zai nago. Atzo egun guztia telefonoari begira eman nion, nere ezagunari deitu nion eta ez zidan hartzen. Horretaz gain, ingeleseko kurtsoan ezagututako neska bati deitu nion eta ezta. Beraz, atzo pare bat buelta eman nituen etxe inguruko zonaldetik, ia galduta eta arratsaldean planik gabe. Gelan ezin nuen ezer egin, internetera konektatu nahi nuen baina ezin, eta azkenean Clararen etxera joan nintzen ea internet bitartez norbaitekin hitz egiteko aukera nuen. Hala izan zen, lagunekin hitz egin eta gero etxera buelta.

Bueltatzerakoan berriro ordenagailua piztu musika jartzeko eta berriro ere ordenagailuak unibertsitateko sarera konektatzeko klabea eskatzen zidan, akats bat zela uste nuen eta inoiz ez det klabea jarri, baina atzo bai, eta hara non internet lortu nuen. Ez dakit nondik datorren sare hau, baina orain nire etxetik idazten ari naiz...

Telefono deiaren zai jarraitzen det eta egia esan gaur ez det gauza berezirik egin, Euskal Herriko albisteak irakurri eta etxean egon. Eguraldiak ez du laguntzen kalera ateratzeko.

Bihar, nire lehen bisita izango det eta horrek animatu egiten nau, berarekin turismo pixka bat egiteko aukera izango dut eta lanaren asuntoaz agian pixka bat ahaztu. Ez dakit oso ondo zer gertatuko den tipo horrekin. Ez dakit beregana joan edo itxaron. Momentuz itxaroten jarraituko dut eta nire ezagunari galdetuko diot ea zerbait dakien edo...

jueves, 5 de abril de 2012

Eguzkitik elurrera

Hiria ezagutzen jarraitzen dut. Igandean itsasoa ikutu nuen. Egia esan faltan botatzen dudan zerbait da, hiri baten amaiera itsasoa izatea gustoko dut eta bertara iristea batez ere. Hemengo hondartzara joan ginen. Portobello du izena, uste dut bere udalerri bat dela, baina hiriaren barruan. Hondartzaren inguruan ez dago ezer berezirik, baina egun polita izan zen. Eguzkia egin zuen, gure arpegiak gorritu egin ziren eta guzti... Arratsaldean zinemara joan ginen. Pelikula turkiar bat ikusi genuen, ingelesezko izenburua Once upon a time in Anatolia da, ez dakit bertsiozko izena, sentitzen det. Pelikularen inguruan ez daukat asko kontatzeko, egia esan ez dut gomendatzen, oso luzea egin zitzaidan eta oso motela. Normalean niri pelikula motelak gustatzen zaizkit, baina hau oso motela da. Zinematik atera ondoren guztiok sentsazio oso arraro batekin geratu ginen, egia esan ez zitzaigun asko gustatu.

Hemengo bizitza aurrera doa, jende berria ezagutzen ari naiz baina etxea ere faltan botatzen dut. Hasierako udara magikoa desagertu egin da eta elurra egin du bi egunetan. Bi egun nahiko gogor izan dira niretzat. Horretaz gain nire ordenagailua ez da internetera konektatzen eta ez dakit zer gertatzen zaion. Bihar konpontzen saiatuko naiz unibertsitateko tailer batean. Ez dira egun onak niretzat, etxe berrian bakoitza berera doa eta bakarrik sentitzen naiz bertan, eskerrak Clara dudan. Laguntza handia da niretzat. Berari esker jendea ezagutzen ari naiz eta horrek etxeko bakartasuna konpentsatzen du.

Pazientzia da egun hauetan gehien errepikatzen dudan hitza, hori da behar dudana eta berez gutxien izaten dudana. Jomuga berri bat jarri dut abentura hontarako, hiria ezagutu eta ahal dudan ingelesa ikastea bertako jendearekin. Gaur klase bat eduki dut eta astelehenean beste bi. Gaurkoz besterik ez.

miércoles, 28 de marzo de 2012

Abentura aurrera doa

Pisua lortu dut, toki lasai batean ezagutzen ez ditudan lau pertsonekin biziko naiz astelehenetik aurrera. Beraz, lehenengo pausoa egina, orain lan bilaketan, hori zerbait zailagoa izango dela uste dut. Kurrikulumak emateari hasi naiz eta orain Job Centre baten bila nabil, gaur ez dut aurkitu eta... Ea bihar zorte hobea dudan.

Hiria ederra dago. Espero ez nuen eguzkiak hiria oso polita egiten du, jendea kalera ateratzen da eguzkia hartzera. The Meadows zelaia jendez betea dago egun hauetan, barbakoak egiten dituzte, errugbyra edo futbolera jolasten dute eta etzanda egoten dira hondartzan egongo balira bezala.

Zortea izan omen dut eguraldi hau edukitzeagatik, ez dakit zenbat iraungo duen. Hemen Euskadin bezala eguraldia ez da ona izaten, beraz ikusteke dago zer datorren. Bitartean profitatu beharko da.

Pixkanaka hiria ezagutzen hasi naiz, atzo mendi batera igo nintzen eta hiriaren portua ikusi nuen. Transpoiting pelikula bertan grabatua dago. Ea egun baten bertara gerturatzen naizen eta itsasoa gertuagotik ikusten dudan.

Bitartean hementxe jarraituko dut, hiria ezagutzen eta ohiturak deskubritzen.

viernes, 23 de marzo de 2012

Lehen egunak

Krisia eta ingelesa hobetu beharra aitzakia hartuta, abentura berri honetan sartu naiz, Eskoziara etorriz. Askok galdetuko dute zergatik, ba egia esan ni ere ez dakit. Erresuma Batura etorri nahi nuen eta baten eta bestearen aholkuak entzun ostean, hementxe nago, Edinburgon.

Nire abentura hasteko laguntza handia ematen ari den neska baten etxean nago. Lagun baten laguna, horrela funtzionatzen du eta mundua.

Zer egingo dudan? Lana bilatu eta ingelesa hobetu, jendea ezagutu, bizi berri bat hasi, toki berri batean nola moldatzen naizen ikasi.

Hiri honek aukera asko dituela uste dut. Ikaslez betea dago, bertako unibertsitatea oso ondo dago eta gainera dohakoa. Mundu osoko jendeak ikasten du hemen, bertakoak heren bat dira, beste herena ingelesak eta geratzen dena atzerritarrak.

Hasteko lau pisu ikusteko ditut gaur ikusitakoak eta beste biak bihar. Eguerdiko lehen pisua sentsazio kontrajarriak sortu dizkit, etxea ez zegoen gaizki baina tipoa oso azkar hitz egiten zuen eta oso urduria zirudien eta pixka bat agobiatu nau, batez ere berarekin bakarrik bizi beharko nintzatekeelako.

Arratsaldekoak sentsazio kontrajarriak eragin dizkit, auzora iristerakoan pixka bat erotu naiz, baina gero konturatu naiz toki atsegina zela. Pisua ikaragarri handia da eta oso erakargarria. Agian zerbait garestia baina tipoak eman didan sentsazioa izan da bihar beste bati alokatuko diola...

Baina beno, orain etxera etorri naiz eta deskantsatzen nabil, egun luzea izan da eta bihar beste bi pisu ditut ikusteko, eta oraindik iragarki gehiago bilatzen...